castellano euskera batua euskera bizkaiera

Biografia

Bila dabilen baten Bidea

#

NOR DA GIZON HAU?

#

BILA DABILEN BATEN BIDEA

#

1694: Ovadan jaioten da

Paulo Frantzisko Ovadan jaio da urtarrilaren 3an, Genovatik 50 kilometro iparmende-baldera. Lukas Danei eta Ana Maria Massariren semea da, 16 seme-alabetatik bigarrena; euretatik 11 umetan hil ziran. Familia honetan jaiotza-heriotza izan zan oinarrizko esperientzia. Tabako eta teladenda txiki bat da euren diru-iturria, hara-hona aldatu beharrean sarri. Familia aurrera aterateko aukera hobe baten premineak eraginda, Lukas eta Ana Maria Castellazzora aldatu ziran. Hori dala ta, Paulok ez dau izan erregulartasunez eskolara joaterik. Baina amaren nortasun aberatsak Paulogan eragin haundia izan dau; egon ere, bizitzako eragozpen ugariei sinismen sendoz eta biziz arpegi emoten ohituta dago.

#

1713. zirt-zarteko hasierako unea

Umetatik Jesus Gurutzekoarekin maiteminduta egoanez, gorputz eta arima Beretzat izatea nahi izan eban...Senitarteko abade baten berbaldiak argituta, Kristo Gurutzekoaren maitasun-garra biztu jakon. 19 urteko dala, hartzen dau lehen erabagi sendoa: bere izate osoa Jainkoari begira jarri, bere bizitza osoan eta betiko Jainkoari konsakratuz. Berak ere unekada horri “Penitentzira bihurtzea” deitzen deutso.

Baina...Norantza jo?

#

1715. Jainkoaren bide-bila

Jainkoaren ahotsa entzutea begitandu jakon harako Aita Santuaren deian, Venecia turkiar gudarostearen mende jausteko arriskuan egoala-ta, haren esanera jarteko gogoa biztu jakon. Bere borondatez izena emon dau, martiri hilteko gogo beroz. Baina otoitz-aldi baten argitan zera ikusi dau: ez dala hori bere bokazino-bidea. Eta familiara bihurtu da.

1715. urtetik gora, Paulo bakardadera begira bizi da, ermitari lez bizitzeko gogoz; halan ere, beste bost urte emongo ditu familian, bere preminetan lagunduz.

#

1720: eremuzale-bizikera hartzen dau

Jainkoak gero eta indartsuago deitzen deutso bakardadera. Bere gogo-ametsak Alejandriako gotzainari –Gattinarako Prantzisko Arboreo jaunari- agertzen deutsoz. Honek abade argi eta jainkozale batzuen kontseju-eske bialtzen dau. Gotzainaren erizpide hau betetzearren, atzera-aurrera luzeak egin ondoren, eramuzaleen ezaugarrizko jantzia eskatu eutson. Gattinara jaunak bai pozik emon ere. Holan dala, azaroaren 22. eguna erabakiorra da bere bizitzan: bere familiari agur egin eta eremuzaleen jantzi baltza hartzen dau, bere gogo-zuzendari dan Gattinara jaunaren eskutik.

#

1720: esperientzia bitxia

Hurrengo sei asteetan (1720ko azaroaren 23tik 1721eko urtarrilaren 1era) San Carlos eleizako —Castellazzo inguruan— sakristia osteko logelan egon zan, eta ostatu baldintza urri-urriak izan ebazan. Gogo jardunen antzeko zeozer izan zan, ermitau eta sortzaile helburua prestatzen hasteko.

#

1720: berebiziko INTUIZINOA

Paulok bere “Gogo-bizitzako egutegitxoan” ezartzen ditu egun honeetako barru-sentipen eta bizipenak: hor agertzen dau norainoko otoitz-mailara heldu dan, baita bere bizitza osoan bizi eta erakutsiko dituan urrats nagusiak. Lehenengo egunean ezarriko dau bere bizitza osoko oinarrizko jokabide eta jomuga: “Ez dot besterik jakin nahi, ez beste pozbiderik dastatu nahi: Kristorekin gurutziltzaturik bizitzea nahi dot soilik”.

Bakardade-aldi honetan idazten ditu: “Jesusen Behartsuen” Erregelak, sortzaile-ametsak betez.

#

1721: heldutasun-bidean

Berrogeikada hau burutzean, inguruko baseleizetako bakardadean bizitzen jarraitzen dau, inguruko umeei katekesia emonez eta domeketan predikatuz.

#

1721. bizitzako konpromesua

Trentoko Konziliotik aurrera, (XVI. G.) ordena barri bat sortu ahal izateko, beharrezko zan Aita Santuaren baimena: horregaitik, Gattinara jaunak baimen hori eskuratu egiala eskatu eutsola-ta, Paulok Genovatik Erromarako bidea hartu eban. Erromara heldu eta, beste barik, Vatikanoko atea jo eban, baina ez eban inondik inora Inocencio XIII. Aita Santuagaz egoterik lortu. Santa Maria Nagusia eleizan, “Salus Populi Romani” izenekoAndra Mariaren aurrean otoitzari emon eutson; bere aurrean egin eban pasiotarren lehenengo botoa: “Geure burua behartzen dogu Kristoren Nekaldiaren oroitzapena bultzatzera eta misio-lagunak alkartzen ahalegintzera”.

#

1722-1725: bila eta bila

Castellazzora bihurtu zanean, Joan Bautista bere anaia batu jakon, sortzaile-lanetan hur-hurreko lagun eta bere gogo-zuzendari bere heriotzara arte (1765). Alkarte-bizitza eroatea erabagi ondoren, anai biak Castellazzotik alde egin eben. Baseleizaz-baseleiza dabiltz hiru urtez; lehenen Orbetelloko Argentario mendiko Jaunaren Gizakundeko baseleizan; hurrengo, Gaetako Cadenako Andra Mariaren baseleizan. Behartsuen bizitza eginez, inguruetan katekesia emonez eta ingurumariko eleiz-lanetan lagunduz. Hegoalderuntz jo eben, Troia aldera; hemengo gotzainak ere, lehenago Gattinarako gotzainak lez, Erromara bialdu ebazan, Aita Santuaren baimen-eske.

#

1725: Familia BARRIAREN lehen urratsak

Urte Santua zan. Paulok eta Joan Bautistak Jubileuko Parkamenak irabazi nahi ebezan. Kardinal baten laguntzaz, Benedikto XIII. Aita santuak Erromako eleiza batera egin eban bisitaldiaz baliatuz, “Jesusen Behartsuak” proiektua berari agertu eutsoen. Aita Santuak berbaz baietza emon eutsen, baina ezelango idazki barik, eta lagunak batzeko baimena ere bai. Civita izeneko Andra Mariaren baseleizara erretiratu ziran hilabete batzuetarako.

#

1726. nekeminaren ikutua

Itriko baseleizan beste eremuzaleekin alkarbizitzaren esperientzia ez zan emonkorra izan. Corradini kardinalak aukera barri bat ipini eutsen aurrean: Erroman oraindik amaitzear egoan Gallicano ospitalean gaixozain zerbitzuan jartzea; ezkabiak jotako gaixoak zainduko ebezan; benetan eginbehar neketsua, gitxirentzat eroangarria. Horregaitik egoitzako zuzendariak IRAUPEN-BOTOA eskatzen eutson ospitaleko langilegoari. Paulo eta Joan Bautista hartara jarri ziran. Ospitaleko zuzendari sendagileak, abadea zanez, gaixoen espiritu-bizitzako ardurea eskeintzen deutse; eta, guztien onari begira, abadetza hartzeko prestatu daitezala adierazoten deutse.

#

1727: abade-ministeritza

Ekainaren 27an, Benedikto XIII. Aita santuak abade ordenatzen ditu. Paulok 33 urte ditu.

San Gallicanoko esperientzia porrota garratza suertatu jake: han jarraitzekotan, “Jesusen Behartsuen”fundazinoa aidean geldituko zan, areago herriari Jesusen Nekaldia iragarteko asmoa; gainera, bere izaera eta sentiberatasuna ez ziran eginkizun horretarako hain egokiak. Corradini kardinala bitarteko zala, Aita Santuagandik lortu eben Iraupen-Botoaren askapena, eta Argentario mendira erretiratzeko baimena. Han Orbetelloko baseleiza baten ostatu hartu eben, Napoles eta Toscana erreinuen arteko mugetan. Hemen hasten da lehenengoz alkarte-itxurak hartzen.

#

1737: lehenengo komentua eta martxan jartzea

1730. urtean emon eben lehenengo misinoa inguruko herri baten: Talamonan. Urte batzuk geroago batu jaken euren anaia Antonio eta beste hainbeste gazte prailegai. Baseleizatxoa baino bizileku zabalago baten beharrizana sortu jaken. Paulok “erretiroa” deitu eutson, munduko zurrunbilotik aparte egotea azpimarkatuz. Lurraldea Napolesko erreinu-zatia zan; eta bertako Carlos erregeak (geroago Espainiako Carlos III.) urteko16 dukat errege-eskubideen ordain-saria parkatu eutsen. Andra Maria Eleizan Eskeiniaren etxe eta eleizaren bedeinkapena 1737. urtean ospatu zan. Inguruetako gotzainak laster eskatu eutsen euren laguntasuna, ikazgin, egurgin, arrantzale eta artzainen kristau bizitzari eusteko.

#

1741: Familia Barriaren onarpen ofiziala

Ordurako Paulok idatzirik eukan “Jesusen Behartsuen” Erregela, eta Aita Santuaren onarpena eskatu eban. Batzorde batek testua aztertu eban eta penitentziazko gogortasuna leundu eban, erlijiosoak alkarbizitza eroateko eta apostolutzan jarduteko lain indar izan egien. Eta 1741.urteko maiatzean Benedikto XIV.ak onartu eban, baina “Jesusen Behartsuak” barik, “JESUKRISTO GURE JAUNAREN GURUTZE SANTUAREN ETA NEKALDIAREN ABADE ERREGULAR OINHUTSAK” deituak izango dira, Kristoren Nekaldiaren oroitzapena egin eta bultzatzeko boto berezia ezarriz. Nekaldiko aipamen haugaitik, herriak era askotara deitu izan ditu: Pasioneruak”, pasionarioak”, “pasinoko fraileak”, eta azkenik “pasionistak”. Egia esan, holango deiturarik ez eban egundo erabili sortzaileak berak). Aita Santuaren onarpenaren ondoren, guztiak egin eben erlijioso-profesa, euren abizenak aldatuz: harrezkero, Paulo beti izango da “Gurutzeko Paulo”.

 

#

1746: Nagusi Jenerala eta Lehenengo Kapitulua

Aita Santuak barriren barri onartu ebazan Erregelak, baina Erregularrak eta Gurutzea berbak kenduz, eta lehenengo Kapitulua bedeinkatuz. Paulo Gurutzekoa bera autatua izan zan Jeneral Nagusi izateko. Handik aurrera, alkartetxe edo erretiru barriak eregiteko pausoak emon ebazan, euretariko gogo-bizitzari eta apostolutza-garrari eutsiz; batez ere, eleiz zerbitzu urria euken padura lurralde eta irletan.

Geroago baten, Paulo Gurutzekoa argitzen joan zan eskutitzetan bere sortzaile izateak leporatu eutson gurutze astuna: “Nire larritasuna gero eta haundiagoa da eta bildurrez nago, zahartzaroan hau danau lurjota ikusiko ez ete dodan, dana kemoltzo bihurtuz”.

#

1744-1761: Familia Barriaren zabalkunde sendoa

Benedikto XIVak Konstituzinoak onartu ebazanetik, Kongregazinoa, zuhaitz gazte bailitzan, laster zabaldu ebazan hara-hona bere adarrak, kontrajarritako lagunarte jakin batzuen traba eta guzti: Vetralla (1744), Soriano (1744), Ceccano (1748, Toscanella (1748), Falvaterra (1751), Paliano (1752), Terracina (1752), Monte Cano (1758), San Jose (1761), nobiziadu-etxe izateko, Argentario mendian. 1767. urtean zabaldu ahal izan eban Erroman egoitza-ostatu txiki bat, Santokristori eskeinia.

1769. urtean Kongregazinoa Tarquinia-Corneton ezarri zan, etruskotarren uriburuan, eta probintzia bitan banandu zan: bata Erromatik iparraldera, Aurkezpenaizenez, eta bestea hegoaldera, Lacio lurraldean, Birjina Atsekabetua izenez. Urte berean berronartuak izan ziran, “Jesukristo Gure Jaunaren Gurutz Txit Santuaren eta Nekaldiaren ikurrinpean burrukatzen daben eleizgizon oinhutsentzat Erregelak”.

 

#

1771: bizi-adierazpen barria

1735. urtetik gora, ba ebilen Pauloren buru-bihotzetan beste amets bat: Pasiotar erlijiosen monastegi bat zabaltzea. Bere gidaritzapeko Luzia Burlini izan zan horretara bultzatu ebenetariko bat; “Kalbarioko Usoak” deitzen ebazan. Baina amets eder hau gauzatzeak amaibako joan-etorriak eta ardurak eskatzen eutsozan, eta Paulok nahiko eta lar buruhauste eukan bere misinogintzan eta Institutoaren zuzendaritzan. Ordurako osasuna ere moteltzen hasia eukan, batez ere artrosisa zala ta. Baina, azken baten, 1771. urteko maiatzaren 3an zabaldu zan Tarquinian pasiotar emakumeen lehenengo monastegia.

#

1773: Erroman finkatzea: oparia.

Urte honetan, Clemente XIV. Aita Santuak eskeini eutson aukera aproposa Erroman etxe ederrago bat izateko, Joan eta Paulo martiri santuei eskeinitako basilika ikusgarri eta guzti; Paulo eta Joan Bautista Danei anai bien izen berekoak, egin-eginean. Hantxe izan zan buru azken Kapitulu Orokorrean, Erregelen behin betiko onarpena jasoz.

#

1775: bizitza burutzea

Urriaren 18an Erroman hil da, Joan eta Paulo santuen etxean, egitasmo zoragarri bat martxan eta indarrean jarri ondoren.

82 urte betetzear ebazala, 230 apostolutza-ekintzetan parte hartu izan eban (misino santuak eta gogojardunak), eta gogo-zuzendaritzako eskutitz pila bat itziz: 2.000tik gora ezagutzen dira gaur egun, hiru eratakoak: a) Senideei, adiskideei eta bere gidaritzapeko lagunei; b) Institutoari eskribuak edo erlijiosoei eskutitzak; eta d) beste batzuei arazo ezbardinei buruz. Gehienak argitaratuta dagoz.

Paulo Gurutzekoak ez eban lortu bere amets eder bi martxan ikustea: a) “Ad gentes” misinogintza eta b) Ingalaterran finkatzea, Anglikarrak Eleiz Katolikora bihurtzen laguntzeko. Amets honeek geroago gauzatuko ziran. Paulo Gurutzekoak bere apostolu-bizitza emonkorra itzi eutson Eleizeari, Kristoren Nekaldiaren espiritualtasun berezia ta 166 erlijioso eginen laguntza.

#

Jarraitzaile-eredua

Pauloren santutasuna zabal eta sendo ezarrita egoan Italiako lurralde askotan; hil eta berehala hasi zan bere beatifikazino eta kanonizazino-prozesua; baina gizarte eta politiko giro aldrebesak astiroagotu eban hasierako abiadura: Frantziako Iraultza, Napoleon Italian indarrez sartzea, lekaide-lekaimeen alkarteak ezabatzea, Aita Santuaren aurkako italiarren batasun-mogimenduak, pontifize-estatuen desjabetzea, burgesiaren iraultzak... Joanak joan, Pio IXak beatifikatu eban 1853.urteko maiatzaren 1an, eta kanonizatu 1867.urteko ekainaren 29an. Bere erlikiak 1880.urtean zabaldu zan kapera eder baten gordetzen dira, Joan eta Paulo santuen basilikari deutsola.



 

Jatorria - Bidea

 
 
bidean@bidean.net
orue